Euskotarrak Europako Mugimenduan

XX. mendearen hasieran, euskotarrek harrera ona egin zieten proiektu paneuropeista eta federalistei. Hain zuzen, proiektu horietan bidea ikusi zuten herriak senidetzeko (zeinek bere identitatea gordez) eta gatazkak konpontzeko, kontinente guztietan bloke federalistak eratzearen bidez, bereziki Europa batua sortzeko.

II. Mundu Gerran, “erresistentzien” mugimenduak bat etorri ziren zenbait balio defendatzearekin, hala nola, nazioarteko lankidetza, europazaletasuna eta federalismoa. Euskotarrek, erbestetik, proposamen horiek babestu zituzten, Mendebaldeko Europako Herrialdeen Kultura Batasunean (1942) eta Federal Union (1944) erakundean parte hartuz, Europa federala egia bihurtuko zen itxaropenarekin. Mundua elkarren mendekotasunera bideratzen zela sumatuta, nazioarteko ordena berrian izaera federalistako politika integratzea kontuan har zedin laguntzen saiatu ziren. Hain zuzen ere, horrek bermatuko zuen bakea eta erabateko garapena izan zedin herri txikietan eta arlo guztietan.

Gerraostean, euskotarren joera europazale eta federalista ageriko egin zuen Federalisten Europar Batasunean eta Luxenburgoko Batzar Federalistan (1946) parte hartzeak. 1947an, Euskal Mugimendu Federalista eratu zen Parisen. Mugimendu horrek xede zuen “ideia federalistak” zituzten euskotarrak batzea, eta sustatzea “doktrina federalistak egin zitezen balio eskalako maila guztietan, besteak beste:  gizabanakoarengan, udalerrian, nazioan, estatuan eta Europako Federazioan, azken hori Mundu Konfederazioa eratzen duen elementutzat hartuta”. EAJ, EAE, PSOE eta IR taldeen babesa jaso zuen, eta izaera pluraleko lehenengo erakunde federalista izan zen; gaur egungo EuroBasque kontseiluaren jatorri.

Mugimendu federalistaren aitzindariak

Europako prozesu federalistan, erabakigarria izan zen, 1947an Europar Batasunaren aldeko Mugimenduak Koordinatzeko Nazioarteko Batzordea sortu izana. Horri esker, Europako Biltzarra egin ahal izan zen (Haga, 1948). Hartutako ebazpenenen ondorioz, Europako Mugimendua (1948) eta Europako Kontseilua (1949) sortu ziren, eta Schuman Adierazpena (1950) egin zuten

Hainbat euskotar ospetsu joan zen Hagara (1948ko maiatza): Jose Antonio Agirre (Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, erbestean), Indalecio Prieto (PSOE), Francisco Javier Landaburu (EAJ), Juan Carlos Basterra (EAE) eta Lezo de Urreztieta (jagi-jagi sektorekoa). Begirale gisa joan ziren baina, ekintza diplomatiko nekezari eta zenbait mugimendu federalistaren lankidetzari esker, begirale izatetik eskubide osoko ordezkari izatera igaro ziren. Hortaz, 1948ko urriaren 25ean Bruselan sortu zen Europako Mugimenduaren sortzaile izan ziren, beste zenbaiten artean. Mugimendu horren ohorezko presidente izan ziren honako hauek: Winston Churchill, Leon Blum, Paul-Henri Spaak eta Alcide De Gasperi; eta, geroago, postu horretan izan ziren honako hauek ere: Robert Schuman, Konrad Adenauer, Richard Coudenhove-Kalergi eta Harold MacMillan

Europako Mugimenduaren estatutu arrazoiak zirela eta, Jose Antonio Agirrek eta Salvador de Madariagak estatu erakunde bat sortzea erabaki zuten, erakunde hari atxikitzeko. Erabaki horretatik Europako Mugimenduaren Espainiako Kontseilu Federala eratu zen 1949ko otsailaren 7an eta 8an, Eusko Jaurlaritzak Parisen zuen ordezkaritzan. Honako hauek osatu zuten: Europako Estatu Batuen aldeko Mugimendu Sozialistako talde espainolak, Europako Batasun Liberaleko talde espainolak, Kontseilu Kataluniarrak eta Euskal Kontseiluak. Batzorde Betearazleak lau presidenteorde izan zituen: Rodolfo Llopis, sozialista; Julio Just, liberala; Carles Pi i Sunyer, katalana; eta Manuel Irujo, euskotarra. Jose Maria Lasarte izan zen idazkari nagusi, eta eginkizun hori eta Eusko Jaurlaritzako sailburu lana bateratu zituen.

Europako Federazioak Euskal Kontseilua eratzea

Europako Mugimendura bidali zen Kontseilu Federaleko kideen lehenengo zerrendan hogeita lau kide ageri ziren; eta haietako bederatzi, euskotarrak: Manuel de Irujo, Jose Maria Lasarte, Francisco Javier Landaburu, Jose Ramon Basterra, Julian Arrien, Jesus Maria Leizaola, Julio Jauregui, Iñaki Agirre eta Ramon Maria Aldasoro. Madariagak bere oroitzapenetan onartu zuen euskotarrek ekarpen emankorra egin zutela Kontseilu Federala eratzeko. Halaber, kontseilukideen eta karguak hartu zituzten pertsonen jarduera balioetsi zuen, bai eta Parisen zegoen euskotarren ordezkaritzak lokala utzi izana ere.

1951ko otsailaren 1ean, Europako Federazioaren aldeko Euskal Kontseilua sortu zen, Parisen, euskotarren ordezkaritzan hori ere, erakundea behin betiko artikulatzeko helburuarekin. 1949. eta 1950. urteen artean prestatu zen, eta 1951. urtearen hasieran gauzatu zen. Kontseilu horretako kide izan zitezkeen hala eskatuko zuten “euskal hiritar demokrata” guztiak, baina onartuak izan behar ziren.

Bederatzi talderen inguruan egituratu zen: Euskal Mugimendu Federalista, Nazioarteko Talde Berriak, Europako Federazioaren aldeko Euskal Mugimendu Sozialista, Federalisten Europar Batasuna, Gutxiengoen eta Europako Eskualdeen Kontseilu Federala, Nazioarteko Batasun Liberala, Gazte Federalista, Nazioarteko Talde Berrietako Gazteen Atala eta Europa Batuaren aldeko Langile Kristauak. Gonzalo Nardiz (Eusko Abertzale Ekintza, Eusko Jaurlaritzako sailburu) izan zen presidente, eta Jesus Maria Leizaola (EAJ, Eusko Jaurlaritzako sailburu, NEIetako Euskal Taldekoa), Laureano Lasa (PSOE, Europako Federazioaren aldeko Euskal Mugimendu Sozialistako idazkari) eta Jose Maria Lasarte (EAJ, Eusko Jaurlaritzako sailburu, Federalisten Europar Batasunekoa) lehendakariorde. Idazkari lanetan aritu zen Francisco Javier Landaburu (EAJ, Gutxiengo eta Europako Eskualdeen Kontseilu Federalekoa), eta Espainiako Kontseilu Federalean ordezkari izan zen Ramon Maria de Aldasoro (Ezker Errepublikazalea, Eusko Jaurlaritzako sailburu, Nazioarteko Batasun Liberalekoa). Manuel Irujok izan zuen propagandaren ardura (EAJ, Euskal Mugimendu Federalistakoa). Bost batzordekide zituen Batzordeak: Iñaki Renteria (EAJ, Gazte Federalisten ordezkaria), Ramon Agesta (ELA zentral sindikala, Europa Batuaren aldeko Langile Kristauen ordezkaria), Iñaki Agirre (EAJ, NEIetako Gazteen Atala), Victor Gomez (PSOE, Europako Federazioaren aldeko Euskal Mugimendu Sozialistaren ordezkaria) eta Julio Jauregui (EAJ)

50eko hamarkadako jarduerak

1950eko hamarkadan, hainbat talde europazale dinamizatu ziren Espainian, erbestetik adoretuta. Euskotarrek Estatuko hainbat hiritatik lagundu zuten talde hori eratzean. 1952an, Euskal Kontseiluak erabaki zuen “bi kontseilu sortzea: bata publikoa eta ofiziala (…), eta, bestea, sekretua eta isilpekoa”. Jarduera mugatua zuen arren, Euskal Kontseilua 1953. urtetik aurrera bultzatu zen, bereziki barne atala.

Kanpokoen eta barnekoen ahalegina batzea bilera batean agertu zen, Munichen deitutako Nazioarteko Europako Mugimenduaren IV. Batzarra aprobetxatuz (1962ko ekainaren 7an eta 8an). Europako Erkidegoetan sartzeko 1962ko otsailean Espainiak egindako eskaerari erantzun nahi izan zitzaion, horrela. Idazkari nagusi Robert Van Schendelen eta Europako Mugimenduko beste buru batzuen jardute onaren bitartez, aldez aurreko topaketa egin zen ekainaren 5ean eta 6an. Erbestetik eta Espainiatik joan ziren gonbidatuak, oposizioko askotariko joeren ordezkari. Hori dela eta, Francok “Contubernio de Munich” (Municheko elkartze makurra) esan zion. Ehun eta hogei ordezkari inguru izan zen bertan, eta haietatik laurogei inguru barrukoak. Euskotarren ordezkaritza hogeita hamalau lagunek osatu zuten: hamalau erbesteratuk eta barrutik etorritako hogei lagunek. Onartutako testua Europako Mugimenduak babestu zuen bere batzarrean. Testu horretan eskatzen zen Espainiak, Europako Erkidegoetan onartzeko, baldintza batzuk bete behar zituela. Besteak beste, “erakunde demokratikoak” ezar zitzala, eta “askotariko erkidego naturalen nortasuna aintzatets” zezala. Hori bat zetorren Birkelbach Txostenarekin. Txosten hura 1962ko urtarrilean aurkeztu zen Europako Parlamentu Biltzarrean, eta xedatzen zuen Europako Erkidegoetan sartzeko, beste baldintza batzuk betetzeaz gain, gutxieneko irizpide politiko demokratiko batzuk bete behar zirela.

Municheko Batzarrak laguntza eman zion oposizio antifrankistari. Javier Tusellek baieztatu zuenez: “beharbada, 1950eko hamarkadaren erdialdeaz geroztik izan den gertaera garrantzitsuena eta, zalantzarik gabe, oihartzun handiena izan duena oposizio demokratikoaren historian; gainera, sortuko duen zirrara kontuan izanik, bere historiako aldi berri bat ekarriko duela esan daiteke”. Erregimena gertakizun hari eragozpenak jartzen saiatu zen. Gogor erantzun zuen politikan, eta errepresioa gauzatu zuen. Gertatu zenak oihartzun handia izan zuen nazioartean

1960ko eta 1970eko hamarkadetan, jarduerak sortu ziren, baina gorabeherak izan ziren. 1973. eta 1976. urteen artean, Manuel Irujok Kontseilu Federalaren presidente kargua lortu zuen. Kontseilu hura berregituratu zen joera sozialista, liberal eta demokrata-kristauaren inguruan, eta Euskal, Kataluniar eta Galiziar Batzordeetan. Paristik Madrilera eraman zuten erakundea, eta ekintza publikoak hasi ziren. Demokrazia iritsi zenean, Europako Mugimenduan parte hartzen jarraitu zen. Euskotarren kasuan, baina, Euskadin beste egitura bat sortzeko beharra ikusi zen; erbestetik gauzatutako lanak berrartuko zituen egitura.

1990eko hamarkadan, Euskal Kontseilua bultzatu zen, berriz. 1994ko apirilaren 18an, Eusko Legebiltzarrak ekitaldi bat egin zuen Gasteizen, hainbat alderdi politikotako ordezkariekin (EAJ, PSEEE, EA, PP, EUE eta UA) eta bultzada berria eman zitzaion orain Europako Mugimenduaren Euskal Kontseilua deritzonari. “Erakunde eta pertsonen elkarte borondatezkoa, pluralista, alderdi anitzekoa eta independentea, berezko lege-nortasunduna, euskal gizarteko lanbide, ideologia eta politika aniztasunaren irudia” zela esan zen. Nazioarteko Europako Mugimenduko eta Europako Mugimenduko Espainiako Kontseilu Federaleko kide izango zen, aurreko hamarkadetan bezala. Honako hauek jarri zituen xede, besteak beste: Euskadiren eta beste herri, eskualde eta nazio batzuen arteko harremana indartzea; gizartean zabaltzea Europa batua eta aniztasuna errespetatzen duena sortzeko beharra; Europar Batasuna eraikitzearen dinamizazio soziala eta politikoa mantentzea, bai eta ideal demokratikoak ere; eta herritarrek Europako erakundeetan eta hauteskundeetan parte har zezaten bultzatzea. Batzorde bat eratu zen, alderdi politikoen ordezkariek osatua, eta euskal herritarrei eta era guztietako erakundeei dei egin zitzaien proiektuan lagun zezaten. Lehenengo Batzar Nagusia 1997ko urrian egin zen.

1998 eta 2005 arteko jarduerak

2006. urtetik aurrera, Europako Mugimenduaren Euskal Kontseiluak izena aldatu zuen: EUROBASK.

2016an EuroBasque izena hartu zuen.

2019an, berriz abiarazi zenetik 25 urte igaro direnean, EuroBasquek 130 kide baino gehiago ditu bere batzarrean. 150 jardunaldi baino gehiago antolatu ditu, 20 liburu baino gehiago argitaratu ditu eta hainbat deialdi eta sari eman dizkie hezkuntza, unibertsitate, erakunde, komunikabide eta, oro har, euskal gizarteari, gai anitzei buruz, eta arreta berezia eskaini die Euskadirentzat eragin berezia dutenei

XXI. mendea hasi den honetan, euskotarrok, Europaren eraikuntzan hasiera-hasieratik izan den milaka urteko herri honek, gure ardura berritu nahi dugu Europa batua eraikitze aldera, oinarri harturik bakea, askatasuna, demokrazia, aniztasuna eta elkartasuna. Globalizazioak berekin dakartzan erronka eta zailtasun politiko, ekonomiko, kultural, sozial eta ekologikoen aurrean Europa gehiago eskatzen dugu.

Europan bakeak egitea ahalbidetu zuten ideal nobleak ondoko belaunaldiei helarazi behar zaizkie. Izan ere, europazaletasunean aitzindari izan ziren euskotar haien sakrifizioa, adimena eta humanismoa ezagutuz baino ez dira gazteak jakitun izango zer nolako balioa duen Europar Batasunak, hain zuzen, gerra fratriziden eta erregimen ez demokratikoen sufrimendua gainditzeko gai izan den Europar Batasunak. Halaber, soilik horrela jabetuko dira lekukoa hartu beharra dutela demokrazia, askatasuna, justizia soziala, aniztasuna eta pertsona guztien giza eskubideak errespeta daitezen defendatzeko zereginean.

Europazaletasuna, bakearen, bakeak egitearen eta askatasunaren utopia itzel hori, elkartasunerako tokia da, eta euskotar guztiak batu ditu, batzen ditu eta batuko ditu. Horregatik, EuroBasquek omendu nahi ditu herri txiki bati gizadiaren historiako proiekturik zoragarrienetako baten garapenean izateko aukera eman dioten guztiak. Proiektu horrek Europa Batua du izena.

2006ko jarduerak – Gaurkotasuna